Blog Feed

NEGUKO JAIAK SALBURUAN

Blogera argazkirik igo ez badugu ere (sare sozialetan daudelako ikusgai), abenduan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen, gizarte etxe atarian kandelen mosaikoa berreskuratuz eta familientzako ikuskizuna eskainiz.

Eta poliki-poliki… kalea berreskuratzen joan gara, kalean elkartuz, elkarrekin ospatuz, begietara begiratuz eta taldean abestuz.

Auzo Elkartearen ekimenez, Mari Domingi eta Olentzeroren kalejira egin genuen abenduaren 23an. Trikitilari eta txistularien laguntzaz, bi pertsonaia maitatuen alboan egin genuen kalejira eta amaieran, Ekialdeko Parkean, gazta pintxoa eta gaztainak banatu eta Gabon Kantak abestu genituen.

Otsailaren 4an, Guraso Elkarteen, Kale Hezitzaileen, Auzo Elkartearen eta Sarburu Kultur Elkartearen artean, AMALURRA ESNATU! antolatu genuen. Berriro ere kalean, makil kolpeekin oraingoan, amalurra esnatzeko eta neguari “gero arte!” esateko OLES OLES eta ZORION abestiak kantatu genituen. Nabaria zen, oraindik ere pandemiaren eraginpean egon arren, jendeak kalean elkartzeko beharra zuela eta, Maddi Agirre eta Gorka Pagonabarraga bertsolariekin kopla kantuan ibili ginen.

Eta aurreko asteburuan… AUZOKO INAUTERIAK martxan jarri genituen! Horretarako, Alaitz Andreuri ipuin bat sortzeko eskatu genion: Marmitx eta Armitxoen istorioa. Gurasoei audioa watsapez bidali… eta larunbata goizean AKELARRE txarangaren laguntzaz kalejira egin genuen auzoko kaleetan barrena (tranbiaren obrak saihesteko nahikoa lan!). Ekialdeko parkean batuta, su bat egin genuen neguan izan ditugun zorigaitz eta jasan ditugun bidegabekeria guztiak bertan erretzeko. Lantzeko Zortzikoa dantzatuz agurtu genuen Marmitx hurrengo urtera arte. Nahi zuenarentzat, bertan auzo bazkaria, karaokea eta PhotoCalla ere jarri genituen.

Auzoko eragile desberdinen artean bizilagunen arteko sarea ehuntzea, kaleak eta bizipoza berreskuratzea eta jaietan ere euskarari merezi duen lekua egitea izan dira gure helburuak. Mila esker ekintzak antolatu dituzuenoi, nola edo hala zuen laguntza eskaini duzuenoi, ekintzetan parte hartu duzuenoi…

Gero arte negua! Ongi etorri udaberria!

SALBURUAN EUSKARA PLAZARA!

Auzoko kaleak eta plazak ez ditugu hutsik nahi eta euskara ez dugu
eskoletako hormen artean giltzapeturik nahi. Horregatik, Errekabarri,
Salburua eta Arantzabelako IGEak eta Sarburu Kultur Elkartea baturik,
urriko ostiral arratsaldeetarako SALBURUAN EUSKARA PLAZARA! antolatu
dugu.
Auzoko hiru eremu desberdinetan hiru ekintza desberdin eskaini ditugu,
umeak eta gurasoak elkartzeko: Zilipurdi zirko elkartekoen malabareak,
Egoitzen grafitiak eta GEUko jolasak.
Egitaraua bururatzeko, azken ostiralean (azaroaren 12an) hiru eskoletako
gurasoak (eta kalean zebilen hainbat bizilagun!) Ekialdeko parkean elkartu
gara. Gutxinaka-gutxinaka-koek umeentzako esperimentazio gune bat
sortu zuten, Talde-Gunekoek musika tailerrak eta Ameztukoek globoflexia
tailerra. Bukatzeko, Indarra dantza taldeko musikari eta dantzari baten
laguntzaz, dantza-plaza egiteko aukera izan dugu.
Jarrai dezagun elkalanean eta jarrai dezagun auzoko kale eta plazak jendez
eta euskaraz betetzen!

8 URTEZ AUZOAN EUSKARAREN ALDEKO GURE ALEA JARTZEN!

Gaurko egunez egin omen genuen SARBURU KULTUR ELKARTEA ren lehen bilera…
Aitzakia baliatuta, urte horietako tarteren batean Sarburun parte hartu dugunotako batzuk (denak, zoritxarrez, ezin!) elkartu gara argazkia egin, kontu zaharrak berritu eta egitasmo berriez hitz egiteko.

Auzoko beste elkarteekin elkarlanean, euskararentzat eta hiztunontzat aukera berriak sortzeko egiten dugu lan.

Elkartean parte hartu nahi al duzu? Jar zaitez gurekin harremanetan!

Bien bitartean… auzoan ikusiko dugu elkar!

Salburuko Euskaraldia Batzordea Diario de Noticias de Alava-n

Salburuko Euskaraldia Batzordeak bultzatuta, horma-irudi berri bat morgotu da Salburua auzoan. Aurtengo Euskaraldiari bultzakada bat emateko asmoz, izan ere, pandemia dela eta, euskara etxeetan gelditu da eta gure hizkuntza lau haizeetara zabaldu nahiko genuke.

Pandemiak ez ditzan ahulenak kaltetu” leloarekin, isladatu izan nahi dugu ideia hori.

Albistea irakurtzeko sakatu ondorengo estekan.

EUSKARALDIA Salburuan 2020

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

Ez ohiko urtea izaten ari da eta, zalantza izpirik gabe, iraila ere ez ohiko moduan hasi dugu Salburua auzoko bizilagunok. COVID19ak eragindako krisiaren ondorioz, hainbat kezka eta buruhauste ditugu egunotan: birusari aurre egiteko neurriak, agerraldien ondorioz ezar litezkeen konfinamenduak, ikastetxeen irekiera gora-beheratsua, lana eta familia kontziliatzeko zailtasunak, lantokietako, auzoko dendetako eta negozio txikietako ziurgabetasuna… eta zerrenda nahi adina luza genezake.

Zorionez, han-hemenka pandemiari elkarrekin aurre egiteko ekimenak ezagutzen ari gara eta ez dira gutxi krisiak gogorren kolpatu dituen sektoreak laguntzeko proposamenak eta eguneroko arazoei konponbidea bilatzeko saiakerak.

Euskara ere are posizio ahulagoan kokatu dute COVID19ak eta haren kudeaketak. Eta, zorionez, alor honetan ere gizartearen aldetik arazoari aurre egiteko gogoa nabari da. Testuinguru horretan dator azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den EUSKARALDIAren edizio berria. Oraingo honetan, Belarriprest eta Ahobizi rolak berreskuratzeaz gain, entitateek ariguneak aktibatzeko aukera izango dute.

Aurreko edizioan oihartzun zabala izan zuen EUSKARALDIAK Salburuko bizilagunen artean eta oraingoan ere, GEHIAGO, GEHIAGOREKIN eta GEHIAGOTAN, ziur makina bat bizilagun izango direla BELARRIPREST eta AHOBIZI roletan eta ARIGUNE desberdinetan parte hartuko dutenak.

Auzoko elkarte ugariren artean grabaturiko bideoa helarazten dizuegu (irudi asko uztailean grabaturik daude); EUSKARALDIA SALBURUAN, LASTER HASTERA DOA, ETA ZU PREST AL ZAUDE?

www.euskaraldia.eus

SORMEN LEHIAKETAKO IRABAZLEAK

Kosta zaigu erabakitzea… baina baditugu SORMEN LEHIAKETAKO irabazleak!
⚡💡🔆📣🗯️

Egoera berezia kontuan hartuta, lau sari ematea adostu dugu, honako lan hauei:
1- SORGINOK
2- GU ETXEAN GERATZEN GARA!
3- JOLAS BIRZIKLATUAK
4- ELMER
Ohikoa den bezala, saria auzoko dendetan erosteko bonoak dira, euskara aintzat hartzen duten saltokietan erosteko, hain zuzen ere: ArtePan 🥖🍞
Arruti Harategia🥩🥓 ,
Humedal Informatika🖱️🖥️
Aritz de la Presa Farmazia💈💊 .

Mila-mila esker zuen sorkuntzak aurkeztu dituzuen guztiei! Etxealdiko ordu luzeak arindu dizkiguzue!

Ta segi dezagun euskara ta sormena ureztatzen… baita etxeko habian ere!