Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan
Ez ohiko urtea izaten ari da eta, zalantza izpirik gabe, iraila ere ez ohiko moduan hasi dugu Salburua auzoko bizilagunok. COVID19ak eragindako krisiaren ondorioz, hainbat kezka eta buruhauste ditugu egunotan: birusari aurre egiteko neurriak, agerraldien ondorioz ezar litezkeen konfinamenduak, ikastetxeen irekiera gora-beheratsua, lana eta familia kontziliatzeko zailtasunak, lantokietako, auzoko dendetako eta negozio txikietako ziurgabetasuna… eta zerrenda nahi adina luza genezake.
Zorionez, han-hemenka pandemiari elkarrekin aurre egiteko ekimenak ezagutzen ari gara eta ez dira gutxi krisiak gogorren kolpatu dituen sektoreak laguntzeko proposamenak eta eguneroko arazoei konponbidea bilatzeko saiakerak.
Euskara ere are posizio ahulagoan kokatu dute COVID19ak eta haren kudeaketak. Eta, zorionez, alor honetan ere gizartearen aldetik arazoari aurre egiteko gogoa nabari da. Testuinguru horretan dator azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den EUSKARALDIAren edizio berria. Oraingo honetan, Belarriprest eta Ahobizi rolak berreskuratzeaz gain, entitateek ariguneak aktibatzeko aukera izango dute.
Aurreko edizioan oihartzun zabala izan zuen EUSKARALDIAK Salburuko bizilagunen artean eta oraingoan ere, GEHIAGO, GEHIAGOREKIN eta GEHIAGOTAN, ziur makina bat bizilagun izango direla BELARRIPREST eta AHOBIZI roletan eta ARIGUNE desberdinetan parte hartuko dutenak.
Auzoko elkarte ugariren artean grabaturiko bideoa helarazten dizuegu (irudi asko uztailean grabaturik daude); EUSKARALDIA SALBURUAN, LASTER HASTERA DOA, ETA ZU PREST AL ZAUDE?