SALBURUAN KEINUA KIROLARI

Pandemia aurretik ere antolatu ohi genuen SALBURUAN KEINUA KIROLARI ekimena egin dugu maiatzaren 15ean. Auzoko umeei euskaraz bizitzeko, sozializatzeko eta ongi pasatzeko guneak sortzeko helburuarekin, eta kirolaren arloan euskara bultzatzeko ideiaren garrantzia gizarteratzeko, gizarte etxeko kirol teknikariekin elkarlanean KIROL DESBERDINEN ZIRKUITOA antolatu dugu: badmintona (eskerrik asko, Helena!), futbola, hockeya eta bolleya egiteko aukera izan dute bertaratu diren 30 umeek. 

Bukatzeko, eta jada gizarte etxeko kanpoko aldean, zunba Saioa ere egin dugu Olatzekin. Gurasoak ere gonbidatu ditugu ekintza horretara…

Ayman, Aiur, Olatz edota Liberen irribarrea ikustea nahikoa izan da buruan geneukan ideian berresteko: zeinen garrantzitsua da eskoletatik kanpoko eremu ez formaletan euskarari lekua irekitzea! Auzoko etxe batzuetan edota eskoletan irakasleen ahotan ez ezik, plazan ere nahi dugu gure hizkuntza!

Argazkiak: talde argazkia, zunba jendea atzetik eta kamiseten postua, kirola egiten taldetxoa.

KUARTANGOKO SAGARDOTEGIRA ZET-EKIN

Aurten, COVID egoerak baldintzaturik,  hilabete “arraro” batean, baina sagardotegiko planari eustea erabaki dugu. Horretarako, Zabalganako euskara taldekoekin elkartu eta Kuartangoko sagardotegira joan gara, elkarrekin bigarrenez (pandemia aurretik Askartzara joan ginen).

Taldetxo bat Langraiztik oinez eta gainerakoak busean joan-etorrian, sagardotegiko plan ederrean ibili ginen, kupel bateko zein besteko sagardoa dastatzen, ondoko mahaietako jendearekin hitz eta pitz, batzuetan dantzan eta beste (gutxi) batzuetan kantuan… euskaraz giro ederrean.

Datorren urtean (otsailean) berriro… Gasteizko auzoren bateko euskara taldearekin? Hala bedi!

EGUNEAN BEHIN saridunak

Ezin ukatu bere arrakastatxoa duela EGUNEAN BEHIN jolasak… laurogeita bost bizilagunek parte hartu dute 9. denboraldian. auzoko taldean (denboraldi bakoitzean partaide berriak gehitzen ari dira!). Aurreko denboraldian egin bezalaxe, SALBURUAN lehen bi sailkatuei eta zozketa bidez ateratako beste biri BLACK MOON tabernan gastatzeko erosketa bonoa oparitu diegu.

Zorionak saridunei… eta irailera arte beste guztiei!

ELKARREKIN ERRAZAGOA DA

Helburu bikoitza du gure kanpainak (bigarren olatua martxan!): bizilagunak gertuko dendetan erostearen garrantziaz jabetzea, alde batetik; taberna, denda zein bestelako zerbitzuetan euskarari merezi duen trataera ematearen garrantzia nabarmentzea, bestetik.

Horretarako, auzoko hainbat merkatarirekin elkarlanean, bideotxo hau grabatu genuen. Gainera, triptiko bidez paisaia linguistikoa eraldatzeko laguntza eskaini diegu Salburuko merkatari, tabernari zein bestelako negozioei.

“Auzoan bizi, auzoan erosi!”, euskaraz bizi nahi dugulako… jabetu gaitezen merkataritzan ere euskara erabiltzearen garrantziaz!