2013an, Andoainen hasi eta Baionan bukatu, Euskal Herria zeharkatu zuen KORRIKAren 18. edizioak. Eta lasterketa euskaltzale hark, Gasteizko hirian barrena gure auzotik pasatu zenean, hazi magiko bat erein zuen Salburuko hainbat bizilagunengan.
Izan ere, hazi hartatik sortu zen hilabete batzuk beranduago Sarburu Kultur Elkartea; Salburuko Korrika batzordean zegoen energiak kutsaturik, hainbat bizilagunek euskararen aldeko dinamikari segida ematea erabaki genuen.
Batzuetan lasaixeago eta beste batzuetan indartsuago, baina beti gogotsu, “Salburuan euskaraz bizi nahi dugu” aldarria lau haizeetara zabaltzeko ekintzak antolatzen ditugu urte osoan zehar.
Horretarako, auzoan lanean ari diren elkarteekin elkarlana sustatzen dugu eta hiriko beste eragile euskaltzaleekin harremanetan gaude.
Bi urtetik behin sarburukideok berriro ere auzoko Korrika Batzordera batzen gara… eta auzoko Euskaraldiaren batzordean ere buru-belarri parte hartu genuen 2018an lehen aldiz antolatu zelarik.
Azken batean, hainbat ekimenetan parte hartzen dugu eta beste hainbat antolatzen ditugu… baina denek dute nahi eta gogo berbera: Salburuan euskaraz bizi nahi dugu!