Helburu bikoitza du gure kanpainak (bigarren olatua martxan!): bizilagunak gertuko dendetan erostearen garrantziaz jabetzea, alde batetik; taberna, denda zein bestelako zerbitzuetan euskarari merezi duen trataera ematearen garrantzia nabarmentzea, bestetik.
Horretarako, auzoko hainbat merkatarirekin elkarlanean, bideotxo hau grabatu genuen. Gainera, triptiko bidez paisaia linguistikoa eraldatzeko laguntza eskaini diegu Salburuko merkatari, tabernari zein bestelako negozioei.
“Auzoan bizi, auzoan erosi!”, euskaraz bizi nahi dugulako… jabetu gaitezen merkataritzan ere euskara erabiltzearen garrantziaz!
Gutxi barru, Euskal Herriko herri, auzo eta hiriak zeharkatuko ditu lasterketa euskaltzaleak. Apirilaren 1ean (ostirala) pasako da Gasteiztik eta motorrak berotzeko, egitaraua prestatu du auzoko Korrika Batzordeak.
Hurrengo ekintza igandean izango da, auzoan barrena bizikleta txangoa 🚗🚲🌳🏬🚲🚲 eta jaialditxoa Ekialdeko parkean.🎼🥖🧀🎭🎼
Blogera argazkirik igo ez badugu ere (sare sozialetan daudelako ikusgai), abenduan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu genuen, gizarte etxe atarian kandelen mosaikoa berreskuratuz eta familientzako ikuskizuna eskainiz.
Eta poliki-poliki… kalea berreskuratzen joan gara, kalean elkartuz, elkarrekin ospatuz, begietara begiratuz eta taldean abestuz.
Auzo Elkartearen ekimenez, Mari Domingi eta Olentzeroren kalejira egin genuen abenduaren 23an. Trikitilari eta txistularien laguntzaz, bi pertsonaia maitatuen alboan egin genuen kalejira eta amaieran, Ekialdeko Parkean, gazta pintxoa eta gaztainak banatu eta Gabon Kantak abestu genituen.
Otsailaren 4an, Guraso Elkarteen, Kale Hezitzaileen, Auzo Elkartearen eta Sarburu Kultur Elkartearen artean, AMALURRA ESNATU! antolatu genuen. Berriro ere kalean, makil kolpeekin oraingoan, amalurra esnatzeko eta neguari “gero arte!” esateko OLES OLES eta ZORION abestiak kantatu genituen. Nabaria zen, oraindik ere pandemiaren eraginpean egon arren, jendeak kalean elkartzeko beharra zuela eta, Maddi Agirre eta Gorka Pagonabarraga bertsolariekin kopla kantuan ibili ginen.
Eta aurreko asteburuan… AUZOKO INAUTERIAK martxan jarri genituen! Horretarako, Alaitz Andreuri ipuin bat sortzeko eskatu genion: Marmitx eta Armitxoen istorioa. Gurasoei audioa watsapez bidali… eta larunbata goizean AKELARRE txarangaren laguntzaz kalejira egin genuen auzoko kaleetan barrena (tranbiaren obrak saihesteko nahikoa lan!). Ekialdeko parkean batuta, su bat egin genuen neguan izan ditugun zorigaitz eta jasan ditugun bidegabekeria guztiak bertan erretzeko. Lantzeko Zortzikoa dantzatuz agurtu genuen Marmitx hurrengo urtera arte. Nahi zuenarentzat, bertan auzo bazkaria, karaokea eta PhotoCalla ere jarri genituen.
Auzoko eragile desberdinen artean bizilagunen arteko sarea ehuntzea, kaleak eta bizipoza berreskuratzea eta jaietan ere euskarari merezi duen lekua egitea izan dira gure helburuak. Mila esker ekintzak antolatu dituzuenoi, nola edo hala zuen laguntza eskaini duzuenoi, ekintzetan parte hartu duzuenoi…
Salburuko Euskaraldia Batzordeak bultzatuta, horma-irudi berri bat morgotu da Salburua auzoan. Aurtengo Euskaraldiari bultzakada bat emateko asmoz, izan ere, pandemia dela eta, euskara etxeetan gelditu da eta gure hizkuntza lau haizeetara zabaldu nahiko genuke.
“Pandemiak ez ditzan ahulenak kaltetu” leloarekin, isladatu izan nahi dugu ideia hori.